_
_
_
_
_
Entrevista:KARLOS LINAZASORO | Idazlea | Gaiak

"Denbora alferrik galtzen ari naizela sentitzen dut idazten ez dudanean"

Erein-Euskadiko Kutxa saria Karlos Linazasororen (Tolosa 1962) Diotenez narrazio-bildumari eman dio Txuma Lasagabaster, Koro Navarro, Pello Gereño eta Iñaki Aldekoak osatutako epaimahaiak. Liburu esperimentala bezala definitu dute askok baina egileak nahiago du "pertsonala" eta "ezohikoa" dela esatea. Irakurtzeko liburu zaila dela uste badu ere, ahalegin berezia eskatzen duten erronkak gainditzean izaten den asebetetzea izango dute irakurleak.

Galdera. Idatzi dituzun aurreko liburuetatik, zerk bereizten du Diotenez?

Erantzuna. Hamar liburuz osatua dagoen eta Zer gerta ere ipuin liburuarekin abian jarritako dekalogo bateko seigarren liburua da. Nire aburuz, ez da besteengandik ezberdintzen, eta batzuk esperimentala dela badiote ere, nik uste aurreko bost liburuen ildo berdina jarraitzen duela. Egia da ez dela nobela arrunta, baina esperimentala baino, ezohikoa eta oso pertsonala dela esango nuke. Azken finean, betiko gauzak modu ezberdin batean esaten saiatzen naiz, nire betiko obsesioei heldu diet, besteak beste heriotzaren kezkari, eta beste ikuspuntu batetik egiten diot aurre.

"Egia esan, nire aburuz, poesiak berak idazten zaitu idazle moduan eta, hori dela eta, gehien estimatzen dudan generoa da"
"Kontatu baino gehiago, gauzak iradoki egiten ditut; eta irakurleak irakurri baino, sarritan interpretatu egin behar izaten ditu testuak"

G. Zergatik "ezohikoa" eta "pertsonala"?

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

E. Idazten jarduten dudanean ahots propio bat bilatzen saiatzen naiz eta oraingoan aurkitu dudala uste dut. Bide horri hartu diot eta ildo horri jarraitzen diot liburu honetan. Pertsonala da, ezohikoa den neurrian, eta bakoitzak bere estiloa, bere gustua, bere kezkak eta nik nire obsesioei eusten diedalako. Alde horretatik da pertsonala, nire biziarekin lotura estua duelako. Ez dut uste ordea, beste liburuak baino pertsonalagoa denik.

G. Ipuin metaforiko eta testu minimalistez osatua dago.

E. Ipuin laburrak diren neurrian, metaforikoagoak dira. Berrehun testu labur inguru biltzen dira eta horrelako testuek kondentsazio berezi bat izaten dute. Kontatu baino gehiago, gauzak iradoki egiten dira eta irakurleak irakurri baino, sarritan interpretatu egin behar izaten ditu testuak. Hartara, irakurleak testuaren irakurketa bukatu behar du eta berak ematen dio irakurtzen duenari zentzua.

G. Zenbaterainoko zailtasuna du testu labur eta kondentsatuak idazteak?

E. Nire aurreneko ipuin bildumetan ere ipuin laburrak daude eta azaldu izan dut aurretik ere, horrelako testuak idazteko dudan zaletasuna. Oso genero zaila da, bai idazteko, bai irakurtzeko ere. Sortzeko garaian, horrelako testu labur baten aurrean, baliabide gutxi dago eta sormen biluziak dira. Horregatik ez dago erdibiderik, edo asmatzen da edo ez da asmatzen. Horrelako testuen beste aldean jartzen naizenean, hots, irakurle moduan, batzuk txunditu egiten zaituzte eta beste batzuk, aldiz, erabat hotz uzten zaituzte. Aforismoekin, poemekin eta ipuinekin, anitz gertatzen da horrelako gazi-gozo sentsazioa.

G. Berrehun testu ezberdin eta labur biltzen dira liburu honetan.

E. Bai berrehun testu inguru bildu ditut baina horretarako garbiketa lan handia egin behar izan dut, niretzat balio duten testuak soilik aukeratuz. Aukeraketa hau ez da batere erraza izan eta esan beharra dago Diotenez-en irakurleak, bereziki irakurzalea izan behar duela, ziurrenik irakurtzeko arreta gehiago eskatzen duelako. Gauza zailek, ordea, ahalegin berezia eskatzen dutenek, gero ordain handiagoa izaten dute era berean. Liburua bi zatitan dago banatua; lehenengoan, zazpi ipuin biltzen dira, aforismoen bidez eginiko istorioak eta bigarrena aldiz, mikroipuinek osatzen dute. Gaia eta estilo aldetik, denetik dago; umore beltza, zuria, testu lirikoak, poetikoak, jolas anitz, giza anatomiaren testuak, klasikoen bertsio berriak eta surrealistak. Genero fantastikoaren barruan kokatuko nuke.

G. Asko zaintzen duzu hitzen aukeraketa?

E. Hitzak garestiak dira liburu honetan eta kontu handiz erabili eta aukeratu behar izan ditut. Ez da hitzik soberan erabili behar eta gauza gutxirekin asko esan beharra da genero honen ezaugarri nagusienetako bat. Testu laburretarako joera dut eta ez naiz oso testu luzeen zalea. Testu luzeagoak idazteko, hots, nobelak adibidez, segida bat behar da, tempo bat eskatzen du eta hau ez da nire kezka nagusia. Ez dator bat nire izaerarekin ,ez bainaiz oso patxada handiko pertsona eta ez naiz nobela irakurle amorratua ere ez.

G. Zer da zuretzat gozagarriagoa, idazten ari zaren aldia edota amaitzen duzun unea?

E. Zalantzarik gabe, testua amaitzen dudanean gozatzen dut nik gehienbat. Idazteko momentua ez da gozagarria. Nik nahi baino gehiago eta behar baino gutxiago idazten dut. Azkenean, idazteak sendatu egiten nau eta askotan esaten dudan bezala, nire burua ezagutzeko eta gizarteratzeko baliagarria zait. Azken finean, ez badut idazten sufrikario bat izaten dut gainean, denbora alferrik galtzen dudanaren sentsazioa izaten dut segika. Idazlearen zeregina idaztea da eta, erdi txantxetan erdi serio, idaztea kondena bat dela esaten dut sarritan. Hala ere, argi dut lana bukatzen dudanean izaten dudala nik zorion eta patxada eta bitartean, idazten ari naizen bitartean, ez dut gozatzen.

G. Zein generotan sentitzen zara erosoen?

E. Nire genero gorena poesia da eta honen barruan hizkuntzaren eta sentimenduaren oinarria izaten da. Poemak ordea, oso tarteka idazten dira, oso zaila da poesia sortzea. Egia esan, nire aburuz, poesiak berak idazten zaitu idazle moduan eta horregatik, gehien estimatzen dudan generoa da. Hala ere, oso gustura sentitzen naiz ipuinak idazten.

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_