_
_
_
_
_
Reportaje:Gaiak

Jakintzarako atea

Euskal Ikasketen Zentroaren 40. urteurrena ospatuz webgune berria zabalduko dute Nevadan

"Renoko liburutegia da ikertzaile askorentzat Euskal Herriko informazio-guneetara heltzeko lehenengo atea". Hitz horiekin laburbiltzen du Nere Erkiaga Nevadako Euskal Ikasketen Zentroko Euskal Liburutegiko zuzendariak erakunde horrek gaur egun duen garrantzia. 1967an sortua, liburutegia eta zentroa bera 40. urteurrena betetzen ari dira aurten. Efemeride horrekin bat eginez, hainbat proiektu abian dituzte bere arduradunek, horien artean artxibategiko fondoak Interneten eskuragarri jarriko dituen webgunea.

Nevadako Euskal Liburutegia Rober Laxalt idazlearen, William Douglass antropologoaren eta Jon Bilbao bibliografo eta irakaslearen ekimenez sortu zen 1967an. Garai hartan abian zen jada Euskal Ikasketen Programa, eta haren babespean AEBetako euskaldunentzat ez ezik munduan barrena bizi ziren euskal etorkinentzat erreferente izango zen artxiboa osatzen hasi ziren. Horretarako lehenbiziko urratsa Renora agiri-bilduma garrantzitsuak eramatea izan zen. Hala, Phillippe Veyrin Baionako artistaren artxiboak eskuratu zituzten, baita Ramon Goñi Nagorerena ere. Pixkanaka, liburutegiko funtsak handituz joan ziren, egun milaka agiri biltzen dira bertan, eta zentroa ezinbesteko bilgune bihurtu da AEBetan euskal ikasketen esparruan sakondu nahi dutenentzat. "Gurean ditugun baliabide guztiak, unibertsitateko liburutegiak dituen datu-base eta aldizkari ugariak, eta baita ere liburutegien arteko mailegu zerbitzuaren bidez, iker-tzaileek behar dutena eskuratzen ahalegintzen gara", dio Erkiagak.

Hain zuzen ere, 40 urteotako ibilbidea laburbiltzen duen erakusketa zabaldu dute berriki Nevadako Unibertsitatean. Erakusketa maiatzaren 31 arte egongo da zabalik. Building Basque Studies since 1967 izenburupean, Euskal Liburutegiaren eta Euskal Ikasketen Zentroaren historia islatzen duten hainbat argazki daude ikusgai liburutegiko egoitzan. AEBetako euskal komunitatearen ezaugarriei buruzko informazio aurkituko dute bisitariek dokumentu horietan, hala nola XX. mendean zehar herrialde hartara heldutako etorkinen irudiak ere. "Erakusketak leiho bat irekitzen die ikasleei eta ikertzaileei euskal mundura hurbil daitezen, euskal diasporak egungo Estatu Batuetako kulturan duen lekuari buruzko irudira", erantsi du Erkiagak.

Orain 40 urte bezalaxe, Euskal Liburutegiak Nevadako Uniber-tsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren babespean jarraitzen du lanean. Zentro horrek euskal gaiei buruzko argitalpen ugari bultzatu ditu azken hamarkadetan, tartean ohiturak, gizartea, politika edo arteari buruzko testuak, beti ere ingelesera itzuliak. Besteak beste, idazle euskaldun nagusiek sortutako literaturari buruzko saila eratu dute azken urteotan, dagoeneko hiru izenburu dituena, Rosseti?s Obsession (Ramon Saizarbitoriaren Rossettiren Obsesioa eleberriaren itzulpena), And the serpent said to the Woman (Eta sugeak emakumeari esan zion, Lurdes Oñederra) eta An Anthology of Basque Short Stories (egungo 14 idazlek idatzitako kontakizun labur bana, Maria Jose Olaziregi EHUko irakasleak aukeratuak). Bestalde, Douglassek eta Bilbaok 1975ean idatzitako Amerikanuak, Basques in the new world (Amerikarrak, euskaldunak mundu berrian) liburuaren berrargitalpena kaleratu zuen zentroak 2005ean.

Liburutegian egindako lanaz gain, zentroak euskal ikasketak AEBetako unibertsitateetan susta-tzeko programak abiatu ditu. Horrez gain, agiritegiko fondoak sarean eskuragarri jartzeko egitasmoak fruitu emango du laster. "Maiatz honetan webgune berria martxan jartzekotan gaude", aurreratu du bibliotekako arduradunak. "Artxiboko materiala, dokumentazioa, argazkiak, eta audio eta bideo grabazioak barne, eta katalogotik kanpo egon diren beste materialak eskuragarri jartzea izan da web berriaren diseinuaren helburua", argitu du.

Digitalizatze-prozesua aurrera joan ahala, zentroan gordetzen diren dokumentu guztiak Internet bidez kontsultagarri izatea nahi dute bertako arduradunek. Fondo horrek balio handia du ikertzaileentzat, besteak beste AEBetan argitaratutako egunkari historiko guztiak biltzen baititu. "Oso iturri garrantzitsua da euskaldunei buruz mendeotan idatzitakoaz lan egin nahi duenarentzat", esan du Erkiagak.

Lo que más afecta es lo que sucede más cerca. Para no perderte nada, suscríbete.
Suscríbete

Regístrate gratis para seguir leyendo

Si tienes cuenta en EL PAÍS, puedes utilizarla para identificarte
_

Archivado En

Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
Recomendaciones EL PAÍS
_
_